jueves, 9 de octubre de 2008

PROIEKTUAREN TEORIZAZIOA


Proiektua hiru teoria nagusietan oinarritzen da. Lehenengo biak, giza interbentzioa eta gizakultur dinamizazioa dira; bata bestearen osagarri direlarik. Gizakultur animazioa teoria zientifikoa baino, proposamen metodologikoa da, hau da praktika. Nahiz eta hezkuntzaren pedagogia eta psikologiako teoria ezberdin asko egon, korronte eta ildo guztiek oso kontutan hartzekoa den hirugarren oinarri teoriko honetan bat datoz: zazpi urte bete arte haurrek bere nortasunaren eraikitze prozesuan daude. Eta azken honi erreparatuz ingurune sozialarekin izango duen harremana zeharo erabakitzailea izango da izaeraren eraikuntzan. Adituak aho-batez onartzen dute 0-7 urte bitarteko etapa honen garrantzia, haurren etorkizuneko bizitzaren oinarri izango baita. Esku hartze momentuan kontutan hartu behar dugu honek haurraren garapena baldintzatuko duela.
Adibide bat emateko, Carl Rogers psikoterapeutak eta pedagogoak zioen bezala, harremanei eta bizipenei garrantzia ematen dien heziketa mota jarraituko dugu, kontziente baikara “baliabide pedagogiko garrantzitsuena pertsona bera dela, non hezigaiek bizitako esperientziak diren ikas bide”. Gure asmoa gehiago zehaztuz; Willhem Reich-en teoria eramango dugu praktikara. Autore honen arabera, heldu osasuntsu eta ez neurotiko bat, jaiotzatik umearen autoerregulazioaren errespetu borobilaren emaitza da (umearen iniziatiba guztien errespetu integralean datza).
Honela, heziketa ez-zuzentzailea burutuko dugu, helburua, pertsona integral eta autonomoak heztea delarik. Hezitzailearen figura heziketarako bitartekari izango da, zuzentzailea izatean dagoen arriskua, menpeko hezigaiak sortzea delako.
Haur Txokoa, heziketa integralerako zerbitzua izango da beraz, haurren beharrei erantzun ahal izateko.
Behin marko teorikoa birpasatuz, ezin dugu ahaztu, Egia Haur Txokoa ingurune sozial zehatz batean kokatzen dela (Egia auzoa) eta helburu zehatz batekin: 6-12 urteko haurrei baliabideak eskaintzea (pertsonalak eta materialak) beraien beharrak eta interesak bideratu ahal izateko (pertsonalak, formatiboak, harremanak,aisia…).
Antxeta Ttan Ttakun Aisialdi Elkarteak, Egia Haur Txokoaren sustapenerako aurkitzen dituen arrazoiak honakoak dira:
□ Maiztasun egonkorreko heziketa alternatiba publiko eta integrala eskaini.
□ Haur komunitatearen jendarteratze prozesurako gune egonkor eta finkoa eskaini.
□ Hezkidetza, esku hartzea, partaidetza aktiboa, kudeaketa, ingurunearekin konpromisoa, eta informazio globalaren ingurune baikorra eraiki.
□ Aisialdiaren onarpena heziketarako eremu bezala.
□ Behaketarako beste gune bat: behaketatik ateratako informazio baliagarria erabili, haurren munduan egon daitezkeen gatazka posibleak detektatu eta esku hartze egoki bat egiteko aukera zabalduko digu, gerora ere prebentzioa landu ahal izateko. Haur Txokoa leku ezin hobea da zeregin honetarako; jolas librea eta giza harremanak medio, haurrak adierazpen askatasuna bermatzen duen ingurugiroan, bere emozio eta sentipenak askatasunez jokatu ahal dituzte, bere barruko gatazkak agerian utziz.
Era berean, emozioen adierazpen askatasuna ziurtatu dadin “Andre La Pierre”k sortutako “psikomotrizidad relacional”-ak eskaintzen dizkigun baliabideak bultzatuko ditugu. Horrela, psikomotrizidade saioetan helduaren botere maila areagotzeaz gain, material egokia ere bilatuko dugu; mugimendua, kontentzioa eta agresibitatea askatzeko aukera ematen duena. Saioetan zehar hezitzaileen egitekoa arriskuak ekidin, jarrera ireki eta lasaia izan, eta bereziki behaketara zuzendutako arreta. Haurrek espresio-bide eta adierazpen askatasun osoz, eta material egokien laguntzaz agerian uzten dituzte bere barnean dauden gatazkak. Behaketa honi esker, detekzio, prebentzio eta interbentzio egokia bideratu ahal izango dugu.

No hay comentarios: